3.1. Familiei laguntzeko politiketan eraginik ez daukaten barne-izaerako aldaketak
Aurreko kapituluan jaso denez, familiaren azken helburuan aldaketak egon dira: gaur egun, zoriontasuna erdiestera zuzentzen da gehiago, zoriontasuna baita “familia-proiektuen azken helburua, bizirik irauteko modu baten bilaketaren kalterako” (Alberdi, 1999). Hortaz, familiari eusten zioten balio tradizionalak ordeztu egin dira eta beste termino batzuetara bideratu dira, hala nola “zoriontasuna”, “bikotea” eta “maitasuna”; aurreko garaietan garrantzitsuagoak zirenak, esaterako “batasun egonkorra”, “ezkontza” edo “ugalketa”, alde batera utzi dira. Horren ondorioz, barne-aldaketak eta familiaren eginkizunen aldaketak egon dira. Barne-aldaketa horiek, logikoki, familiek politika publikoen arloan eskatzen dituzten laguntzan ondorioak dituzte, politika horiek barne-antolaketako errealitate berrietara eta familiaren helburu eta premia desberdin batzuetara moldatu behar baitira.
Bizikidetzaren gizarte-onespenaren eredua. Ezkontzaren zeregina
González Blascok (2006) aipatu duen moduan, norberaren familia bat osatzeak pertsona ororen bizi-helburu nagusietariko bat izaten jarraitzen du. Dena den, ezkontzaren bidezko eta bereziki ezkontza erlijiosoaren bidezko gizarte-onespena orain ez da funtsezkoa gizarte-onarpenerako.
(7. grafikoa) . EAEko ezkontza-tasaren bilakaera. 2004-2010
Iturria:
guk eginikoa, EUSTATen datuak (2012b) oinarri hartuta.
Eztabaidatutako elementu bat den arren, zenbait egile, adibidez Miret (2006), Martínez Pastor (2009) edo Esping-Andersen (2013) ezkontzaren krisi batez ari dira. Miretek, esate baterako, honakoa baieztatu du: “laurogeiko hamarkadan, ezkontzaren krisia egon bazegoen, eta horrela dirau: gero eta bikote gutxiago ezkontzen dira, eta gero eta beranduago egiten dute”1. Ezkontza familia osatzeko lehen urratsa zen, baina orain zeregin lausoago bat du eta gizartean daukan pisua txikitzen ari da: EAEko ezkontza-tasa (ezkontza zibilari eta elizazko ezkontzari dagokienez) jaitsi egin da, 2004an 1.000 biztanleko 4,8koa baitzen, eta 2010ean, aldiz, 3,8koa2.
Ezkontza-tasaren beherakada hori, ezkontzeko adinaren hazkundearekin eta dibortzioen, banantzeen eta deuseztasunen gorakadarekin batera, familiei laguntzeko erakundeen arteko III. planak azpimarratu dituen ezaugarrietariko bat da; planak gure gizartearen sekularpen-prozesuarekin lotu du.
Ostera, sexu bereko pertsonen ezkontzaren kasuan, ezkontzak ematen duen gizarte-erregularizazioari buruzko interes altua antzeman da, EAEn %30 baino gehiago igo baita3 2007 eta 2011 bitartean. Datu gutxi dauzkagunez eta ibilbide laburrekoak direnez, ez dugu analisi sakonik egingo, baina horrek gizarte-onarpen eta -erregulazio gehiago behar dela adieraz lezake.
Ezkondu gabe elkarrekin bizitzea. Izatezko bikoteak eta arautu gabeko batasunak
Autore batzuek, esate baterako Flaquerrek (1991), Meilek (2003) edo Elzok (2008), adierazi dute elkarrekin bizitzea askotan ezkontzaren aurreko urrats bat dela eta hausten ez bada ezkontzaren bidez “ofizialdu” egiten dela. Hala ere, arestian erakutsi ditugun datuek ezkontzaren krisi bat iradokitzen dute, bikoteak epe luzean ordenatzen dituen elementua izateari uzten ari baitzaio eta izatezko bikoteek eta arautu gabeko bikoteek euren burua etorkizunerako proiektutzat jotzen baitute.
Hain zuzen ere, autore berriago batzuek (Esping-Andersen, 2013) aditzera eman dutenez, elkarbizitza “aukera funtzional egonkor” bihurtzen ari da estatuan. Izatezko bikoteen kasu zehatzean, esan daiteke haien pisua hazi egin dela eta 2006an EAEn guztira 42.000 bikote zeudela, hau da, bikoteen %8 zirela, nahiz eta duela 20 urte guztien %1 baino ez izan4.
Hori familiei eta bereziki haurrei laguntzeko politika publikoen diseinuari zeharka eragiten dion funtsezko elementu bat da. Izan ere, mota horretako bikoteak egonkorrak badira eta gainerako bikoteenaren antzeko jaiotza-tasa bat badaukate –eta bi baldintza horiek, Esping-Andersenek (2013) nabarmendu duenez, betetzen ari dira–, ezkontzatik kanpo jaiotako haurren kopurua pixkanaka handituko da (eta ezkontzak gaur egun mota jakin batzuetako eskubideen bermatzailea izaten jarraitzen du).
Bestalde, ezkontzatik kanpoko haurren kopuruaren hazkunde horri dagokionez, Euskadiko familia-ereduak Europako beste errealitate batzuekin arinen homogeneizatu diren norabideetako bat da. Gainera, oso azkar gertatu da, zeren eta herrialde askotan izatezko batasunak nabarmen igo baitira eta ezkontzatik kanpoko haurrak hazi baitira. Izan ere, 2008tik EB27an haurren heren bat baino gehiago ezkontzatik kanpo jaiotzen dira, eta herrialde batzuetan, Frantzian kasu, ezkontzatik kanpo barruan baino haur gehiago (%50,5) jaiotzen dira5. Estatuari dagokionez, 1995etik hirukoiztu egin dira, hau da, %11tik %31ra igaro dira6.
Autonomia, indibidualizazioa eta barne-negoziazioaren hazkundea
Flaquerrek (1995), Alberdik (1997), Del Campok (1999), Meilek (2004) edo Elzok (2008), azken urteotan, norberaren autonomiaren hazkundea, horren indibidualizazioa eta kideen negoziatzeko ahalmena nabarmendu dituzte familia-ereduaren barne-aldaketei lotutako funtsezko ezaugarri gisa, bereziki emakumeen kasuan (oraindik desberdintasun-egoeran egon arren). Hori familiaren postmodernizazioa delakoaren esparruan sartzen da.
Familiaren barne-antolaketan aldaketak eragiten dituzten elementu nagusietako bat kide bakoitzaren autonomia gero eta handiagoa da; izan ere, familiak unitate gisa helburu komunak dituen arren, ez da bateraezina banakako proiektuekiko (lanekoak eta pertsonalak) errespetu handiago batekin.
Era berean, azpimarragarria da emakumeen negoziatzeko ahalmena handitu egin dela. Horrek familia-unitatea antolatzeko jarraibideak aldatzen ditu, eta pixkanaka zereginen eta erantzukizunen barne-banaketa adostasun handiago bat oinarri hartuta egiten da. Nolanahi ere, negoziazioa oraindik ez da orekatua, zeren eta, geroago erakutsiko denez, negoziaketa hori gizonaren mesedetara desitxuratzen duten gizarte– eta ekonomia-faktore batzuk daude. Elementu horiek direla-eta, oso garrantzitsua da lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko laguntza-politiken bidezko jardun publikoa, orekaren alde egiteko.
1El País (2006-05-24).
5Martínez-Ahedo, M. (2008).